Confebaskek 15 neurri fiskal proposatu ditu Euskadiren lehiakortasuna indartzeko eta hazkunde ekonomikoa bizkortzeko

  • Confebaskek bere zerga proposamena helarazi die dagoeneko zerga agintariei: ‘Kontua ez da ekarpen gutxiago egitea, ekarpen hobea egitea baizik'

 

  • ‘Fiskalitatetik eta Kontzertu Ekonomikoak ematen dizkigun eskumenekin, Euskadiko hazkunde ekonomikoa bizkortzen laguntzeko garaia iritsi da'.

 

  • Confebaskek bere ohiko Kontseilu Orokorra egin du eta hor, gainera, egiaztatu ahal izan du enpresak kezkatuta daudela absentismo indize altuagatik, talentuagatik eta pertsona faltagatik, baita Euskadin lan gatazkak herrialdeari egiten dion ekarpen negatiboagatik ere.

 

  • Aurtengo aurreikuspenaren arabera, hazkundea %2 ingurukoa izango da eta 16.000 lanpostu berri inguru sortuko dira, euskal enpresek egin beharreko eraldaketei ekiteko inbertsioarekin konpromiso sendoa dutela egiaztatu delarik.

 

  • Erronken artean daude enpresetan genero berdintasuna ere bultzatuko duen enpresa kultura berria ezartzen jarraitzea, lankidetza publiko-pribatuaren aldeko apustu irmoa areagotzea, eta euskal enpresak eta enpresaburuek euskal gizarte osoaren ongizate eta aurrerabide kolektiboari egiten dioten ekarpen garrantzitsua nabarmentzea.
Confebask

Ezkerretik eskumara, Isabel Busto, Adegiko lehendakaria, Eduardo Aretxaga, Confebaskeko zuzendari nagusia, Tamara Yague, Confebaskeko lehendakaria, Carolina Pérez Toledo, Cebekeko lehendakaria eta Juan Antonio Sanchez Corchero, SEA Empresas Alavesaseko lehendakaria (Argazkia, Confebask)

2024-07-16

Confebask Euskal Enpresarien Konfederazioak udako Kontseilu Orokorra egin du gaur goizean eta, hor, Tamara Yague presidenteak kargua hartu zuenetik igarotako urtearen balantzea egin du, baita euskal enpresek epe labur eta ertainean dituzten eskaera eta kezka nagusien balantzea ere.

 

Fiskalitatea

Bere hitzaldian, Tamara Yaguek adierazi duenez, “kontziente izan behar dugu 2008ko finantza krisiaz geroztik euskal ekonomiaren hazkundea eurogunearen eta gainerako autonomia erkidego oparoagoen azpitik egon dela. Horregatik, uste dugu Kontzertu Ekonomikoa berriro ere herrialdearen lehiakortasunaren eta hazkundearen zerbitzura jartzeko unea iritsi dela”.

Ildo horretan, Confebaskeko presidenteak jakinarazi duenez, “enpresen asmoak jasotzen dituen proposamen fiskal bat egin eta dagoeneko Zerga Agintaritza ezberdinei helarazi diegu, seguruenik uda ostean landuko den berrikuspen bati begira”.

Proposamenak – jarraitu du Tamara Yaguek bi xede argi ditu. Alde batetik, fiskalitatetik eta Kontzertu Ekonomikoak ematen dizkigun eskumenekin, Euskadiren lehiakortasuna indartzen eta Euskadiko hazkunde ekonomikoa bizkortzen laguntzea. Eta, bestetik, Euskadiren garapen ekonomiko jasangarria bultzatzea”.

15 neurri fiskal dira, eta Confebaskeko presidenteak hauek nabarmendu ditu:

  • Sozietateen gaineko Zergaren gutxieneko tributazioa egungo %17tik %15era murriztea, hori baita estatuko gainerako lekuetan zein nazioartean indarrean dagoena, eta erregistratutako galeren kenkariaren muga ezabatzea, zeina gaur egun Zergaren zerga oinarriaren %50ean baitago, enpresen lehiakortasuna indartzeko.

 

  • Ondarearen gaineko Zerga kentzea, EBn eta estatuko beste autonomia erkidego batzuetan dagoen errealitate fiskalera egokitzeko, Euskadin enpresak eta pertsonak errotzeko eta inbertsioak erakartzeko.

 

  • Errenta tarteak inflazioaren zenbateko errealean deflatatzea eta errenta tasa marjinalak Europako eta autonomia erkidegoetako beste ekonomia batzuetan daudenetara egokitzea, Euskadin talentua fidelizatzen eta erakartzen laguntzeko.

 

  • Start-upetan izandako galerak monetizatzea baimentzea, I+Garen ondoriozko kenkarian baimentzen den era berean, Euskadin ekintzailetza eta enpresen sorrera handitzeko.

 

  • Berrikuntzarako pizgarri fiskalaren erakargarritasuna hobetzea, kenkariaren ehunekoa, gaur egun %15ean dagoena, handituz, monetizatzea ahalbidetuz eta aplikazioa malgutuz.

 

  • Enpleguaren arloan, kalitatezko enplegua sustatzeko kenkari berri bat sortzea proposatzen dugu, baita banakako eta enpleguko BGAEetarako ekarpenetarako pizgarri fiskalak jartzea ere.

 

  • Trantsizio energetiko eta klimatikoa fiskalki sustatzea, deskarbonizazioari lotutako kenkari berri bat sortuz.

 

Absentismoa

Euskal enpresen beste aldarrikapen bat Euskadin dagoen absentismo indize altuaren arrazoiak aztertzea da, inguruko ekonomien oso gainetik baitago.

Gure lehiakortasuna oztopatzen duen arazo bat da – ziurtatu du Tamara Yaguek –, eta guztion artean irtenbide bat bilatu behar diogu, oso zabalduta dagoen eta guztioi larriki eragiten digun kezka baita, enpresei ez ezik, baita ere erakundeei, pertsonen osasunari, osasun arretari, erakunde publikoei eta, oro har, eragile sozialei”.

Ildo horretan, Confebask gaiari buruzko ekitaldi publiko monografiko bat prestatzen ari da, lehen diagnostiko bat emateko, ahalik eta ikuspegirik zabalenetik.

 

Talentua eta pertsona falta

Erronka demografikoari eta pertsona faltari dagokienez, Confebaskeko presidenteak gogorarazi duenez, “talentuaren inguruko herri estrategia bat behar dugu, erakundeen eta enpresen erantzun bateratu bat Euskadik duen erronka demografikorako. Gobernu berriarentzat lehentasunezko zeregina izatea eta maila goreneko lidergo eta ikuspegi batetik heltzea espero dugu. Testuinguru horretan kokatzen da Eusko Jaurlaritzarekin batera diseinatu dugun proiektu pilotua, Mexiko eta Kolonbiako profesionalak erakartzeko”.

Kontua da – jarraitu du Tamara Yaguektalentua erakartzeko lehiatzen ikasten hastea, baita atzerritarrak erakartzeko aurkituko ditugun zailtasunak identifikatzen hastea ere, tramitazioari, ostatuari, harrerari eta abarri dagokienez”.

Zailtasun horietako bat etxebizitza lortzea da eta, beraz, eskaintza handitzen eta prezioak apaltzen lagunduko duen politika bat bultzatu behar da, ez bakarrik tokiko eskaerei erantzuteko, baita aurrean dugun erronkari herri mailako erantzuna emateko ere”.

 

Lan gatazkak

Euskadiko lan gatazkei dagokienez, Tamara Yaguek nabarmendu nahi izan du “inbertsioak erakartzeko eta Euskadiko enpresen eta lurraldearen lehiakortasunerako ekarpen negatiboa” egiten dutela.

“Euskadiko lan gatazka, estatukoarekin alderatuta, estrukturalki handia da, eta, gainera, 2019tik, asko areagotu da, nahiz eta Euskadin estatuan baino lan baldintza nabarmen hobeak dauden, bai enpleguen egonkortasunari dagokionez, bai ordaindutako soldatei eta lan egindako lanaldiei dagokienez”.

Herritarrak eta langileak kontzientziatu nahi ditugu gatazka maila handi batek aurrerabide ekonomikoari eta bizikidetzari egiten dizkien kalteez, baita elkarrizketak eta akordioak eskaintzen dituzten onurez ere”.

 

Koiuntura

Epe labur eta ertaineko koiunturari dagokionez, Confebaskeko presidenteak adierazi duenez, “%2 inguruko hazkunde ekonomikoa aurreikusten dugu, milioi bat kotizatzaile baino gehiagorekin eta 16.000 lanpostu berri sortuta, urte amaieran langabezia tasa %7 inguruan gera dadin”.

“Hori guztia, neurri handi batean, zerbitzuen sektorearen bultzadari esker, eta bereziki turismoari esker, Euskadin ere jardueraren eta enpleguaren bultzatzaile baita. Eraikuntzak tonu laua mantentzen du, industriak bezala, zeina Europan gertatzen ari dena jasaten ari baita, batez ere Alemanian, non geldialdia nabarmenagoa den. Perspektiba, nolanahi ere, hilabeteak igaro ahala egoera hobetzen joango dela da.

 

Enpresen beste erronka batzuk

Tamara Yaguek hainbat erronka gehigarri ere nabarmendu ditu, “bereziki euskal enpresok artatu beharko ditugunak. Alde batetik, inbertsioarekin dugun konpromisoa mantentzea. 2019tik, enpresek ekipo ondasunetan egindako inbertsioak %7 igo dira, eta Euskadiko BPGa, berriz, %3 igo da. Euskal enpresek lehiakortasuna mantentzeko eta indartzeko duten konpromisoaren adibide argia da”.

Horrez gain – jarraitu du Confebaskeko presidenteak –, beharrezkoa izango da abian dauden trantsizioak erraztuko dituen enpresa kultura berri bat ezartzen jarraitzea, eta, horren barruan, genero berdintasuna funtsezko tresna bihurtzen da, zalantzarik gabe, hazkunde, produktibitate eta kohesiorako faktore gisa agertzen baita”.

 

Amaitzeko, bi mezu

Azkenik, Tamara Yaguek bi mezu nabarmenduz amaitu nahi izan du bere hitzaldia. Alde batetik, “Euskadin enpresek eta erakundeek lankidetza publiko-pribatuaren alde dugun apustu irmoa” mantentzea eta areagotzea, “dagoeneko Eusko Jaurlaritzari helarazi dioguna. Jakina, badakite herrialdearekin eta euskal gizarte osoaren garapen eta ongizatearekin dugun konpromisoa mantentzen dugula”.

Eta, bestetik, euskal enpresaren eta enpresaburuen ekarpen garrantzitsuaren balioa nabarmendu beharra. “Euskal herritarrek kontziente izan behar dute ekimen pribatuak eta enpresak gure ongizateari egiten dioten ekarpenaz, “dibidendu sozial’ gisa egiten ditugun inbertsioen bidez, gure aurrerabide kolektiboa bultzatzeko. Izan ere, enpresa da ongizate estatuaren zergadun nagusia, mozkinen, zergen, sortutako lanpostuen eta soldaten bitartez”.

 

------

1983an lurraldeetako erakunde kideek sortua – Adegi (Gipuzkoa), Cebek (Bizkaia) eta SEA Empresas Alavesas (Araba) –, Confebask Euskadiko sektore arteko Enpresa Erakunde adierazgarriena da, tamaina eta sektore guztietako enpresak dituelako, eta, beraz, instituzio autonomiko, erakunde sindikal, komunikabide eta, oro har, euskal gizartearen aurrean enpresen erreferentziazko solaskidea da. Euskal enpresek Euskadiko soldatapeko 10 langiletik 8 ingururi ematen diete lana eta euskal ekonomiak sortutako aberastasunaren ia %85 sortzen laguntzen dute.