Confebaskek 2025erako BPGa Euskadin %1,8 igotzea aurreikusten du, hasieran hazkunde txikiarekin eta ondoren pixka bat hobetuz Europako ekonomiak aurrera egiten badu

  • 2025ak ziurgabetasun handiko eta arrisku ugariko urtea izaten jarraituko du, eta, horien bilakaeraren arabera, azkenean hazkundea %1,3 eta %2,5 artean gera daiteke.
  • Enpleguari dagokionez, aurreikuspenak betez gero, langabezia tasa %6,5 izatea eta Gizarte Segurantzan 12.000 afiliatu gehiago izatea espero da, okupazioaren beste errekor batekin, milioi bat kotizatzaile baino gehiagorekin.
  • Enpresa gehienek merkatua ‘egonkor’ ikusten dute, eta inbertsio mailari eutsi nahi diote, baina, enpleguari dagokionez, aurreikuspenak apaldu egiten dira.
  • Berriro diote kezkatuta daudela langile kualifikatuak aurkitzeko zailtasunagatik, lan kostuen hazkundeagatik, absentismoagatik, ekonomiak oro har duen ahuleziagatik, errentagarritasun txikiagatik eta enpresen fiskalitateagatik.
  • EAEko ekonomiak %1,8ko igoerarekin itxiko du 2024a, non urtearen amaieran dinamismo txikiagoa izan den, industriak eta kanpo sektoreak dituzten zailtasun gero eta handiagoengatik.
Confebask

Eduardo Aretxaga, Tamara Yagüe eta Pablo Martín (Argazkia, Olga Ruiz Confebaskentzat)

2024-12-20

2025 BPGa eta enplegua

Confebaskek %1,8 inguruko hazkundea aurreikusten du euskal ekonomian 2025erako, baina aurreikuspena ziurgabetasun handiaren eta arrisku ugariren mende dago, eta horien bilakaerak markatuko du azkenean hazkundea, %1,3 eta %2,5 arteko urkila batean legokeena.

Aurreikuspenen arabera, euskal ekonomiaren hazkundeak baxua izaten jarraituko du 2025eko lehen hilabeteetan, eta pixkanaka dinamismo handiago bati emango dio bidea, betiere Europako ekonomia hobetzen bada.

Sektoreka, 2025ean, eraikuntza izango da sektorerik dinamikoena, eta ondoren merkatuko zerbitzuak. Aldiz, industriak izango du hazkunderik ahulena, baina 2024ko datuekin alderatuta hobera egingo du, betiere Europako herrialde nagusien susperraldiaren menpe.

Enpleguari dagokionez, Confebaskek 2025erako aurreikusten du sortuko den enpleguarekin Gizarte Segurantzan 12.000 afiliatu berri egongo direla, eta, beraz, hirugarren urtez jarraian, milioi bat kotizatzaile baino gehiagoren langari eutsiko litzaioke. 

Horrenbestez, eta aurreikuspen horiek betez gero, langabezia tasa %6,5era jaitsiko da Euskadin, 2024ko amaierarako aurreikusitakoa baino puntu erdi bat beherago, eta Europako batezbestekoaren antzera.

 

Euskal enpresaren kezkak eta erronkak

Datorren urteari begira euskal enpresak gehien kezkatzen dituzten gaiei dagokienez, eta gure erakundeek –Adegi, Cebek eta Sea– aldizka egiten dituzten inkesten arabera, mantendu egiten dira langile kualifikatuak aurkitzeko arazoak, lan kostuen hazkundea, absentismoa (gehien hazten den kezka faktorea), ekonomiaren ahulezia, errentagarritasun txikia eta enpresen fiskalitatea.

Enpresek 2025erako dituzten erronken artean, hazkunde txikiko eta ziurgabetasun ekonomiko, industrial eta komertzial handiko agertoki makroekonomikoa kudeatzea, abian dauden trantsizioei aurre egiteko beharrezko inbertsioei ekitea eta dauden liskar eta polarizazio politikoko dinamikak gainditzea nabarmentzen dira.

 

2024 BPGa eta enplegua

2024. urte honi dagokionez, urtearen amaierarako Confebaskek aurreikusten du Euskadi %1,8 haziko dela, duela urtebete aurreikusitakoa baino pixka bat gehiago (%1,6). Hazkunde handiago horren arrazoia kontsumo publiko eta pribatuaren eta eraikuntzaren eta zerbitzu publikoen portaera hobea da. Inbertsioa eta industria, berriz, aurreikusi baino gutxiago hazi dira, eta kanpo sektorea maila negatibora jaitsi da.

Hala eta guztiz ere, euskal ekonomiak enplegua sortzen jarraitzen du, eta okupazioan errekorrak egin ditu. Urtea Gizarte Segurantzako 11.000 afiliatu gehiagorekin itxiko dugu, 1.000 langabe gutxiagorekin Lanbiden, eta %7ko langabezia tasarekin.

                                                      

Erronkak eta desafioak

Azkenik, prentsaurrekoan Tamara Yague Confebaskeko presidenteak, Eduardo Aretxaga zuzendari nagusiak eta Pablo Martin ekonomia arduradunak gogorarazi dutenez, “2025ak ziurgabetasun beteko eta arrisku handiko urtea izaten jarraituko du, horien artean nabarmentzen direlarik inflazioaren eta interes tasen bilakaera, bloke ekonomiko handien merkataritza politiken norabidea, Europako industriaren bilakaera, Europako politikaren ezegonkortasuna eta Europako eta Ekialde Ertaineko gerra krisiak”.  

Horrez gain –gehitu du Confebaskeko presidenteak–, gure lehiakortasuna handitu nahi badugu, enpresa eta herrialde gisa, elkarrizketa eta itun sozialean oinarritu behar dugu lan giroa hobetzeko, eta, jakina, gaixotasun arrunteko bajen ondoriozko absentismoa murriztu, zeina kezka nagusietako bat bihurtu baita guretzat”.

“Azken batean, lankidetza publiko-pribatua, egonkortasun politikoa eta hazkunde eta lehiakortasun industriala bermatzeko anbizio handiko politikak abiaraztea funtsezkoak izango dira aurreikusten den urte zail eta zalantzazko bati aurre egiteko”.

Tamara Yaguek, bere hitzaldia amaitzeko, “euskal enpresak ongizate kolektiboari egiten dion ekarpenaren balioa” nabarmendu du, “egiten ditugun inbertsioen, sortzen dugun enpleguaren eta ordaintzen ditugun zergen bidez. Oso harro sentitzen gara euskal gizarteari egiten diogun ekarpenagatik”.

TAMARA YAGUEREN ADIERAZPENA HEMEN 

---------------------------

CONFEBASK-I BURUZ

1983an lurraldeetako erakunde kideek sortua – Adegi (Gipuzkoa), Cebek (Bizkaia) eta SEA Empresas Alavesas (Araba) –, Confebask Euskadiko sektore arteko Enpresa Erakunde adierazgarriena da, tamaina eta sektore guztietako enpresak dituelako, eta, beraz, instituzio autonomiko, erakunde sindikal, komunikabide eta, oro har, euskal gizartearen aurrean enpresen erreferentziazko solaskidea da. Euskal enpresek Euskadiko soldatapeko 10 langiletik 8 ingururi ematen diete lana eta euskal ekonomiak sortutako aberastasunaren ia %85 sortzen laguntzen dute.