“Euskal enpresak LH duala are gehiago erabiltzera animatu nahi ditut, talentu gaztea gehitzeko bide gisa”

  • Tamara Yagueren adierazpenak, Confebaskek antolatzen duen Euskal Enpresa eta LH Ekitaldiaren 31.edizioan; estatuan egiten den horrelako bakarra da.
  • Azken 31 urte hauetan, Confebaskek laguntza eman die ia 300.000 euskal gazteri prestakuntza praktikoa emateko, urtean 11.000 enpresa baino gehiagotan, batez beste.

  • Ekitaldira LHan titulatu berri diren 400 gazte inguru bildu dira –dagozkien diplomak eman zaizkie–, baita ikastetxeak eta elkarteak ere.

  • Era berean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosa, LHko sailburuorde Jon Labaka eta Saileko beste kargu batzuk ere izan dira.

Confebask

Tamara Yagüe eta Begoña Pedrosa sailburua, erdian, ekitaldiaren hasieran (Argazkia, Confebask)

2024-11-25

Confebaskeko lehendakari Tamara Yague, gaur goizean egin den euskal Enpresa&LHko urteroko ekitaldian, Hezkuntzako sailburu Begoña Pedrosari zuzendu zaio, hau adierazteko: “Confebasken aliatu estrategiko bat duzu, gure gazteen heziketa, oro har, eta gure lanbide heziketa, bereziki, hobetzen jarraitzeko. Eta are gehiago orain, LHaren Lege Organiko berria Euskadin lurreratzen laguntzeko, eraldaketa oso sakoneko esparrua marrazten baitu”.

“Gaur, enpresen, erakundeen eta hezkuntza sistema osoaren inplikazioari esker, estatuan zein Europar Batasunean bertan erreferente den eredu bat finkatu dugu. Proiektu partekatuaren, lankidetzaren eta konfiantzaren etsenplu gara”.

“Puntu honetan, enpresei mezu argia helarazi nahi nieke: anima zaitezte lanbide heziketa dualeko euskal eredua are gehiago erabiltzera. Gure lehiakortasuna hobetzeko bide bikaina da, baita talentu gaztea arrakastaz txertatzeko ere”.

Euskadin LH Dualaren eredua edozein enpresa motatarako pentsatuta eta egokituta dago, tamaina eta sektorea edozein izanda ere. Ez alferrik, Confebasken urteak daramatzagu lanean, gobernuarekin eskuz esku, horren diseinu espezifikoa lantzen. Eta, berez, 2012az geroztik –urte hartan jarri zen martxan egungo eredu duala– 40.000 gazte baino gehiago prestatu dira eredu horretan, 22.000 enpresa baino gehiagotan.

Puntu horretan, gogorarazi duenez, “hamarkada batzuetatik hona, Euskadin, estatuko gainerako herrialdeetan ez bezala, LH dualak beti izan du enpresaren konturako ordainketa bat, euskal enpresak bere gazteen prestakuntzarekin eta enplegagarritasunarekin duen konpromisoaren adibide.

Eta Euskaldunan zeuden gazteei zuzenduta, Tamara Yaguek gogorarazi die “euskal enpresen enplegu eskaintza gehienen profila –erdiak baino gehiago– Lanbide Heziketarekin lotuta dagoela, erdi mailakoa zein goi mailakoa izan. Beraz, ez izan zalantzarik, egon behar duzuen lekuan zaudete: punta-puntako eta eskaera handiko prestakuntza batean graduatu zarete”.

Baina, prestakuntza on baten garrantziaz harago, Confebaskeko lehendakariak hau gogorarazi die: “zuen jarrera ere funtsezkoa da. Ziurta diezazueket enpresetatik igarotzen diren ikasle askori ez dietela handik ihes egiten uzten. Proaktibo dihardutenak dira, beren zereginen esparrutik harago egiten diren jarduerekiko interesa erakusten dutenak. Egin ezazue proba. Egon zaitezte jarrera ekintzailea hartzeko prest, eta eman zeuen buruari hazten jarraitzeko aukera. Ez ahaztu hori.

 

Enpresak

Enpresen zereginari dagokionez, Confebaskeko lehendakariak azpimarratu nahi izan duenez, “gure gazteen prestakuntzan inbertitzen jarraitu behar dugu, are gehiago talentu eskasia gero eta handiagoa dela ikusita.

“Denok ikasi behar dugu garai berrietatik, baita geuk ere. Lanpostu bat lortzea planteatzen duzuenean eskatzen duzuenari arreta handiagoa jarriko dion enpresa kultura bat sustatu behar dugu. Zorionez, ez gara zerotik abiatzen”.

Tamara Yaguek gogorarazi duenez, guztira, “azken 30 urtean, eta aldi horretan izan diren eredu guztiak barne hartuta, Confebaskek ia 300.000 euskal gazteri prestakuntza praktikoa ematen lagundu du, urtean 11.000 enpresa baino gehiagotan batez beste”.  

 

Mugikortasun bekak eta euskara

Hitzaldian, aipamen berezia merezi izan du, halaber, nazioarteko mugikortasunak, Erasmus+ Europako programaren babespean. “Horri esker, eta Hezkuntza Sailaren, SEPIEren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, Lanbide Heziketako ehunka ikasle urtero atzerriko enpresetan praktikak egitera bidaltzea lortzen dugu. Azken urteotan ia 2.500 gaztek egin dute gurekin”.

Gainerakoan, Tamara Yaguek ez du amaitu nahi izan Euskadiko Lanbide Heziketan euskarak duen presentzia gero eta handiagoa aipatu gabe.

 

Aitortzak

Horrez gain, Confebaskek antolatutako Enpresa&LH ekitaldian, urtero bezala, Eduardo Aretxaga zuzendari nagusiak Euskal Enpresen Konfederazioak enpresei eta instruktoreei egiten dizkien ohiko aitortzak jakinarazi ditu, “prestakuntzaren jardunean gehien nabarmendu direnen lana aitortzeko”.

Sariak banatzen direla 25 urte dira dagoeneko, eta, horiek aukeratzeko, Eduardo Aretxagak gogoratu duenez, “Lanbide Heziketako ikastetxeen beraien balorazioak hartu dira kontuan”.

Oraingoan, enpresen atalean, errekonozimendua jaso dutenak izan dira ARATZ GROUP, SEA-Arabako Enpresek proposatuta; OJA-REM, Cebekek proposatuta; eta ZERBIMEK, Adegik proposatuta.

Prestatzaileei dagokienez, Confebaskek Hamar Mekanizazioko (Araba) Jose Antonio Hernandez, FEUVERT IBERICAko (Bizkaia) PRESTATZAILE TALDEA eta AGUI enpresako (Gipuzkoa) Izaskun Ortiz aitortu ditu.

 

Diplomak

Azkenik, Confebaskek diplomak banatu dizkie Bilboko Euskaldunan urtero Euskadin lanbide heziketako titulu bat lortzen dutenen ordezkari gisa bildutako 400 gazte ingururi.

Bilboko Euskalduna izan da Enpresa&LH urteko galaren agertokia, Confebaskek 31. urtez jarraian antolatuta, Adegi, Cebek eta Sea elkarte kideekin lankidetzan, estatu osoan horrelako ezaugarriekin egiten den ekitaldi bakarra izanik. Diploma banaketan Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak ere parte hartu du.

                                               --------------------------------

CONFEBASKI BURUZ

1983an lurraldeetako erakunde kideek sortua – Adegi (Gipuzkoa), Cebek (Bizkaia) eta SEA Empresas Alavesas (Araba) – , Confebask Euskadiko sektore arteko Enpresa Erakunde adierazgarriena da, tamaina eta sektore guztietako enpresak dituelako, eta, beraz, instituzio autonomiko, erakunde sindikal, komunikabide eta, oro har, euskal gizartearen aurrean enpresen erreferentziazko solaskidea da. Euskal enpresek Euskadiko soldatapeko 10 langiletik 8 ingururi ematen diete lana eta euskal ekonomiak sortutako aberastasunaren ia %85 sortzen laguntzen dute.