“Euskadin fiskalitate berri baten eztabaidari ekiteko garaia da”

  • Elkarrizketa Confebaskeko presidente Tamara Yaguerekin Onda Vascan
Tamara Yagüe

Tamara Yagüe (Argazkia, Confebask)

2024-06-20

Gaur Onda Vasca irratian egindako elkarrizketa batean Tamara Yague Confebaskeko presidenteak adierazi duenez, Euskadin sustatu beharreko fiskalitatea, “diru bilketara baino gehiago, herrialdearen hazkunde ekonomikora bideratu behar da”.

Gure ustez, iritsi da garaia Euskadin fiskalitate berri baten eztabaidari ekiteko, enpresen lehiakortasuna eta enpleguaren sorrera are gehiago indartuko dituena. Kontua ez da gutxiago ordaintzea, hobeto biltzea baizik”, adierazi du Confebaskeko presidenteak. Eta zinemaren industriarekin egindakoaren adibidea jarri du.

Bizkaiko diputazioa izan zen filmak errodatzeko Bizkaiko lurraldea aukeratzen zuten ekoizpen etxeei kenkari fiskal garrantzitsuak aplikatzen lehena, eta arrakasta izan du, sektorearen jarduera eta enplegua biderkatu baititu. Guk antzeko zerbait planteatzen dugu enpresa guztientzat: kontzertu ekonomikoak eskaintzen dizkigun tresnak aprobetxatzea gure inbertsioak sustatzeko, gure lehiakortasuna biderkatzeko, jarduera eta enplegu gehiago sortzeko, eta, horrela, ongizate kolektiboari are gehiago laguntzeko”.

Horrez gain, Tamara Yaguek lanpostuko orduen murrizketari buruzko eztabaidari ere erreparatu dio, eta Yolanda Diaz ministroak langileen estatutua aldatzeko asmoa aipatu du, asteko 37 '5 ordu muga gisa jartzeko, egungo 40 orduen ordez.

Confebaskeko presidenteak gogorarazi duenez, “lanorduen murrizketa hitzarmenetan aspalditik ituntzen ari den zerbait da. Eta, hain zuzen ere, 37 '5 ordu horietatik beherako batezbestekoak ageri dira dagoeneko. Beraz, ez dugu ezer inposatzeko beharrik ikusten, gainera, planteatutakoa bezalako inposaketa generiko batek ez duelako beharrezko malgutasuna jasotzen, ezta enpresek eskatzen duten sektoreen araberako egokitzapena ere”.

Azkenik, eta absentismoari buruz, Tamara Yaguek azpimarratu du “Euskadin arazo bat dugula gai horrekin, zalantzarik gabe. Gure indizea estatukoa baino askoz handiagoa da, eta guztioi eragiten digun zerbait da: pertsonei, enpresei, Gizarte Segurantzari, mutuei, Osakidetzari, sindikatuei eta erakundeei”.

“Beraz, erantzun bateratua behar da, inplikatutako guztien artean adostua. Horregatik, ‘bide orri’ bat sortzen saiatzen ari gara, eta hor, jakina, enpresok ziur asko egiteko asko dugula, baina baita gainerakoek ere. Ez da enpresen arazo esklusiboa”.

Ildo horretan, eta ‘bide orri’ hori marrazten laguntzeko, Tamara Yaguek aprobetxatu du aurreratzeko Confebask Euskadiko lan absentismoari buruzko ekitaldi monografiko bat prestatzen ari dela uda osterako, gaiari ikuspegi askotatik helduko diona.