- Confebaskek antolatutako jardunaldia ‘Gazteria, euskal enpresa eta lanbide heziketa’ lantzeko, Iñigo Urkullu lehendakariaren amaierarekin
- Jardunaldiaren ondoren, Confebaskek EAEko LHko diplomen ohiko banaketa egin du graduatuentzat, 25 urte bete dituen ekitaldi batean
2018-11-28
Euskal Autonomia Erkidegoan Lanbide Heziketan graduatzen diren ikasleei diplomak banatzeko ekitaldia baliatuz, horren aurretik Confebaskek jardunaldi berezi bat egin du ‘Gazteria, euskal enpresa eta lanbide heziketa, 25 urteko konpromisoa’ izenburupean, Bilboko Euskalduna Jauregian.
Jardunaldian parte hartu du baita ere Iñigo Urkullu lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzako Cristina Uriarte, Beatriz Artolazabal eta Arantxa Tapia sailburuak, eta Confebaskek agerian utzi nahi izan du euskal enpresak, Lanbide Heziketaren bitartez, gazteriarekin duen konpromiso aspaldikoa. Eta Confebaskek jokatu zuen eta jokatzen duen rola gogoratu du, LHren euskal ereduaren garapenari dagokionez – Eusko Jaurlaritzarekin eta Ikastetxeen Elkarteekin batera –.
Erronkak
Bere mintzaldian Confebaskeko lehendakari Roberto Larrañagak adierazi duenez, “Europako eskualderik lehiakorrenen eta garapen ekonomiko eta sozialik handienekoen klubeko kide izaten jarraitu nahi badugu, gure etorkizunaren gakoak izango dira pertsonak, enpresak eta, batez ere, prestakuntza. Gure lanbide heziketa izaten dena izango gara… Izan ere, behin eta berriz esango dugu, enpresa bideragarri eta lehiakorrik gabe ez dago enplegurik ezta gure gizarte ongizatea ordaintzeko zergarik. Euskal enpresak, eta gizarteak oro har, bertan jokatzen dugu gure etorkizuna”.
Ildo horretan, “2008tik nabarmen jaisten ari den kurba demografikoa“ gogorarazi du, eta, gehitu duenez, “pertsonak beharko ditugu: Behar bestekoak, bai, baina gainera beharrezko kualifikazioarekin, gure enpresen lehiakortasuna mantendu ahal izateko. Ezingo gara lehiatu prezioak jaitsiz eta, beraz, talentua sortuz eta erakarriz egin beharko dugu. Eta hor rol erabakigarria jokatzen dute enpresaren konpromisoak, talentua atxikitzeko, eta Prestakuntzak, Lanbidekoak zein Unibertsitatekoak, talentua sortzeko”.
Enpresen konpromisoa gazteekin eta LHrekin
Confebaskeko lehendakariak adierazi duenez, “euskal enpresek badakite nolako erronkari egin behar diogun aurre herri moduan”; eta hainbat adibidez zerrendatu ditu “gazteekin dagoen konpromisoari” buruz, Lanbide Heziketaren bitartez: “milaka euskal enpresak, Confebaskek eta bere elkarte kideek – Adegi, Cebek eta Sea – egunero praktikan jartzen dugun konpromisoari esker, EAEko Lanbide Heziketako 250.000 ikasle gaztek baino gehiagok izan dute beren lehen esperientzia praktikoa gure herrialdeko enpresetan azken 20 urteotan zehar... %86ko enplegagarritasun indizearekin, LH dualean, zehazki, %96koa izanik”.
Gainera, Roberto Larrañagak gogorarazi denez, “Euskadi, gaur egun, kasuen %100 ordaintzea legez araututa dagoen autonomia erkidego bakarra da, Lanbide Heziketa Dualeko ikasleei dagokienez: guztiek jasotzen dute soldata bat, enpresaren hitzarmenaren arabera –kasurik gehienetan –, edo beka baliokidearen arabera. Argi geratu dadila: Euskadin, modalitate dualeko ikasle guztiek enpresaren lansaria jasotzen dute, euskal enpresan ere horrela izatea nahi dugulako”.
Unibertsitate ‘duala’ ere
Confebaskeko lehendakariak nabarmendu du baita ere prestakuntza prozesu horretan oso garrantzitsua dela unibertsitate-enpresa lankidetza are gehiago sendotzea. “LHrekin gertatu den moduan, arlo honetan ere, Euskadin, - adierazi du Roberto Larrañagak – enpresak, Eusko Jaurlaritza eta Unibertsitateak aitzindariak gara estatu osoan, berriro ere Lanbide Heziketarako aplikatzen asmatu dugun irizpideak aplikatuz: konpromisoa, lankidetza eta kontsentsua”.
Larrañagak, bere mintzaldia amaitzeko, esan du “baikorrak izateko motiboak” daudela. “Jakina, oraindik erronka asko daude egoki erantzun beharrekoak. Aitzitik, 25 urte baino gehiagoan Lanbide Heziketan inplikaturiko alde guztiek ehundutako konplizitateak – gobernua, enpresak, enpresa elkarteak eta ikastetxeak – baikor izatea ahalbidetzen digu. Elkarrekin gauzak posible egiten ditugu”. Hitzaldiaren ondoren, Iñigo Urkullu lehendakariak itxi zuen jardunaldia.
Diploma banaketa
Ondoren, eta lehendakariaren klausuraren ondoren, Confebaskek bere urteroko ohiko diploma banaketa egin dio , Bilboko Euskalduna Jauregian, Euskadin urtero lanbide heziketako titulu batekin irteten diren 11.000 graduatu baino gehiagoren ordezkaritza bati.
Edizio honetan 25 urte bete dira Confebask diplomak banatzeko ekitaldia egiten hasi zenetik, xedea izanik estrategikotzat jotzen den prestakuntza horren balioa agerian jartzea, bai enpresen lehiakortasunerako, bai gazteentzat eta, oro har, euskal gizartearentzat.
Ekitaldian, bertaratutakoek EAEko Lanbide Heziketako lehenagoko graduatuen bi kasuren testigantza entzun ahal izan dute, gaur egun hainbat enpresatan garatzen ari direlarik euren ibilbide profesionala. Horiek dira Roberto Garcia, gaur egun Electro Alavesako zuzendari nagusia, eta Ariane Rabanedo, Petronorreko operadorea. Diploma banaketaren amaiera Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak egin du.