- Confebaskek 4.000 gaztek baino gehiagok atzerrian praktikak egitea ahalbidetu du, kudeatzen dituen beka programei esker
Confebaskeko Arantza Vigiola, eskumetik bigarrena, Veneto programako arduradun batzuekin (Argazkia, Confebask)
2024-06-04
Confebaskeko nazioarteko mugikortasun proiektuen arduradun Arantza Vigiola Italiako Veneto eskualdera joan da, ‘in situ’ ebaluazio bat egiteko eta hango enpresetara Lanbide Heziketako zein unibertsitateko ikasle gazte eta graduatu berrien beste talde baten iritsiera prestatzeko.
Confebaskek bi hamarkada baino gehiago daramatza beka programak kudeatzen, euskal gazteek praktikak atzerriko enpresetan egin ditzaten. Bitartekaritza horri esker, Confebaskek 4.000 ikaslek baino gehiagok lehen lan esperientzia Euskaditik kanpoko enpresetan izatea lortu du.
Eta bi programaren babesean egiten du: batetik, Europako Erasmus+ programa (EBren finantzaketari esker, SEPIEren bitartez – Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzua –, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren bidez); eta, bestetik, Global Training programa (Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak finantzatua).
Arantza Vigiola Confebaskeko nazioarteko mugikortasuneko arduradunaren hitzetan, Venetora berriki egindako bisitak agerian uzten du “gure gazteei kalitatezko praktikak eskaintzeko dugun konpromisoa, bai joaten diren enpresagatik, bai bekak irauten duen bitartean jasotzen duten laguntzagatik. Horiek kudeatzen daramatzagun urte guztietan, sortu diren arazoak esku bateko hatzekin kontatzeko modukoak dira: desplazatutako gazte gehien-gehienek errepikatuko lukete esperientzia”.